XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gutunetako batean, mendebalean sakratua gainditutzat daukagula diok. Ez bete-betean. Txikitatik ikasi diat, Manolori esker, badela gauza bat sakratua, denok behar duguna gutxi-gehiago, norberak egin beharrekoa, ametsen atari eta kanpoko erasotzaileekiko gotorleku: loa.

Udalekuetan beste umeen loa errespetatzen ez dakien haurra izango lukek zigortuko nukeen bakarretakoa.

Bertso martxari dagokionez ere badakik zenbateraino den eragingarri. Bertsoa hain duk sorgina! Jabetu al haiz gutariko bakoitzari desberdin eragiten digula begiak biltzearen kontu horrek?

Hi lo faltak izurratzen hau. Ni aldiz, ez lo faltak ez logureak; loak berak naik beratzen, garuna aia pinportatua sentitzeraino. Urteak eman ditiat, baina, neure burua ezagutze bidean. Azken txapelketarako prestakuntzan horixe aldatu nian aurrekoekiko: goizeko bostetan esnatu ninduan, gogoz kontra.

Gosaldu, egunkari mordoa irakurri, zigarro pila batekin sukaldea ketu, bazkari legea egin hamarrak aldera... eta Belodromora. Zuentzat eguarteko hamaikak zituan, eta niretzat arratsaldeko laurak.

Peñari, erretira narratsa egin zuen batean, hala esan omen zion aita zenak: Amak prestatuko dizkik otorduak. Amak arropak garbituko dizkik. Gaixotzean, zainduko hau amak. Baina lo... lo herorrek egin beharko duk!.

Itzala diagu txikito!

Norbere itzala duk maitearen eta zalearen ezaugarriak biltzen dituen hori.